30 de enero de 2012

ESPAZIO ARKITEKTONIKOA

Aurreko laiuhilekoan euskara tekikoa II ikasgaian nahi genuen gaiari buruzko testu bat idaztea bidali ziguten. Nik espazioa aukeratu nuen idazeko aitzaki bezala eta gaur klasean irakurritako testuarekin nolabaiteko lotura duenez, pixka bat laburtu eta blogera igotzea erabaki dut. Espero dut gustokoa izatea, hemen duzue:

Arkatza eskuan dugula behin eta berriz marra berdina irudikatzen dugu, noizbait marra horrek guk diseinatutako espazioa mugatuko baitu. Baina, zertan oinarritzen gara espazio hori diseinatzeko? Proiektu horrek beteko duen funtzioan, edo, izango duen itxuran?

Oinarria, proiektuaren erabilerak definituko du, hau da, espazioa helburu ezberdinengatik diseinatu daiteke: erabiltzailea hunkitzeko (monumentuak, zenbait espazio publiko...) betebehar jakin bati erantzuteko (lantegi-, eskola- edo denda- funtzioa duten eraikinak) edo aipatutako xede biak batera erdiesteko (museoak, antzokiak...), baina, edozein kasutan, arkitektoak espazio egokia proiektatu behar du.

Horretarako, bolumena ezinbesteko tresna da. Bolumena eta espazioa ez dira zertan lotuta egon behar, esan nahi baita, bolumenak espazioa mugatu dezake, baina ez definitu; izan ere, lan horretan, beste zenbait alderdik parte hartzen dute: proportzioak, ikusmen-eremuak, testurak, argiak, koloreak eta abarrek. Baliabide horiekin, arkitektoak eskalarekin jolasten du; espazio diafano, mugagabe edo biziak eratzen ditu eta, nola ez, artea sortzen du.

Denborak, halaber, espazioaren izaeran eragina du. Iraganean eratutako proiektua ez da berdin ulertuko sortutako unean edo hortik urte batzuetara. Arkitektoak eraikina diseinatzean kontutan izango ditu garai hartan nagusi diren eraikuntza-baliabideak, eta, zenbaitetan, arkitektura-mugimenduak. Proiektu konplexuetan, marrazki izatetik eraikin izatera pasatu arte, espazioak asko alda daitezke; bi edo hiru dimentsioak ez baitira gauza bera.

Esan bezala, hasiera batean arkitektoak paperean egindako marrazkia, arte-lan bilakatuko da, alabaina, arkitektura munduko 7 arteetako bat da. Hargatik, zer da besteengandik bereizten duena? Zerk egiten du bakarra izatea? Espazioak, alegia.

Espazioa hautemateko era ezberdina da gure kokapenaren arabera, eta, horrenbestez, arkitekturan alderdi berri bat sartzen da: gu. Arkitekturaren aurrean edo barnean dugun kokapenaren arabera, proiektua ulertzeko modua bestelakoa izango da. Leku jakin batean geldirik denbora luzean egonez gero, arkitektura bi dimentsiotan ulertuko dugu. Aldiz, proiektuan zehar ibiliz gero, bazter guztiak arakatuz gero, 4. dimentsiora pasako gara, eta horrela arte-lanaren funtsa ezagutzeko aukera izango dugu.

Askotan, arkitektura ikasleok espazioak bi dimentsiotan sortzen ditugu, hots, diseinatzerakoan eraikinak bete behar dituen funtzioetara mugatzen gara eta ez dugu haratago begiratzen. Horrela sortutako proiektuak zuzenak dira, baina, ez dira espazialki aberatsak, ez dute gizakiok espazioa ulertzeko dugun gaitasunarekin jolasten. Horrek ez du esan nahi proiektua gaizki dagoenik, ostera, gisa horretan, ezinezkoa da espazio bakar, aratz eta ahaztezina sortzea.

Amaitzeko, hausnarketa txikia: proportzioa, espazioaren irakurketa, bolumena, denbora, argia, espazioaren erabilera egokia... kontuan hartu beharreko alderdi garrantzitsuak dira. Ordea, ez da ahaztu behar, ekintza jakin bat burutzeko behar den espazioa diseinatzea dela arkitektoaren betebeharra, beti ere, arkitektura-giroa galdu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario